2009/01/21

Nire leihotik ikusten dut, zuen bizitzaren gogortasuna

Amak ezin du isilarazi bonben zaratagatik loak hartu ezin duen haurraren negarra.
Eta lurrean datza gaztea, esku artean zapi zuri-beltzari gogor eusten diola. Zapia gorriz bustia dago. Dozena bat lagun urreratu eta zapiaz aurpegia estali diote. Eta gaztea airean altxa dute, zerurantz, munduari, edota Jainkoari erakutsi nahi baliote bezala.
Eta 12 urte besterik ez ditu izango soldadu hark armaz apuntatzen duen mutikoak. Eta begirada jaitsi du, bihurrikeria bat egitean irakasleak zigorra ezarri behar dionean bezala. Baina oraingoan ez du ezer egin. Ezer txarrik ez.

Eta hau guztia nire leihotik ikusten dut. Baita zeuk ere. Eta klik batez interneteko leihoa ixten dut. Eta nik ere lurrera zuzentzen dut soa.
Ez dagoela eskubiderik pentsatzen dut, egunero. Baina ordenagailua itzaltzearekin bat ahazten zaizkit gainerakoen sufrimenduak eta nire arazoak iruditzen zaizkit munduko inportanteenak.
Ez dago eskubiderik, ez. Ez eta hitzik Palestinan gertatzen ari dena azaltzeko. Edo nik behintzat ez dut topatzen. Israel eragiten ari den triskantzak ez du justifikaziorik. Herri batekin bukatu nahi du, bonbez. Ehiztariak kaiolan dagoen txoritxoari tiro ematen dion bezala harresiz inguratua dagoen Gazako lurraldea suntsitu gura du. Berdin zaio eskola, etxe edo ONUko egoitza... Dena txikitzen du. Eta bertan dagoen zibil, kazetari edo laguntzera doan oro hil.
Eta bonbez edo tiroz hiltzen ez dituenak gosez eta gaixotasunez hilko ditu setiatutako herrian, kanpo laguntza guztiak ukatuz. Israelek ordea berean jarraituko du mundu zabaleko herrialde gehienen babesa duen bitartean. Hauteskundeetako kanpaina izan ala ez. Geuk esan behar diogu stop!!! Eta Palestinako herriari gure eskua eskaini, baita bihotza ere.

Eta negarrez ari zen haurra isildu da. Orain ama da malkotan blai dagoena.

2 comentários:

*Nahia* disse...

mundua ere negarrez ari da... baina inork ez du entzun nahi....

Anónimo disse...

munduak aspaldi utzi zion negarrari, empatia indibidualismoak eraman zuenean.


enotroordendecosas... hikin hitzein beharra zakat, korrika batzorden ingurun.