2008/11/25

Metropolia (3)



Metroan sartzearekin bat ikusten duzu eskale itsua. Eskua poltsikoan sartu eta dendariak itzuli dizkizun zentimoak eman dizkiozu, errukiz, borondatez baino gehiago.
Ugari dira metroan hara-hona dabiltzan eskale itsuak. Batzuk oihu mingarriez eskatzen dute laguntzatxo bat, besteek rap doinuak kantatzen dituzte. Eguneko ogia horrela irabaztera behartuak dira, bestelako laguntzarik jasotzen ez dutelako. Lan arloko gutxiespenak, gizartearen mespretxuak, bultzatzen ditu metroko tunel ilunetan eskean ibiltzera, satorrak bailiran.
Lekurik ilunenek ere alaiagoak dirudite kolorez janzten ditugunean.
Itsasoak oinak ferekatzen dizkidanean...

2008/11/12


Austin Powers Lisboan da

metropolia (2)



Goizeko zortzietan hiriko metroa jendez gainezka doa. Hala ere isiltasuna da nagusi. Soilik trenaren orroak hausten duen isiltasuna tunelaren iluntasunak irensten duenen. Bidaiari bakoitza bere pentsamenduetan murgildurik doa, lozorroan oraindik, isilik.
Nire alboko bibotedunak aho niminoa ireki du doministiku egiteko. Baina ez da ausartu isiltasun estraino hau puskatzen.
Begirada jaso eta ingurura begiratzen dut. Bakarrik goaz denok. Bakardadean bizi diren pertsonez betea dago hiria. Inork ez du aldamenean duena ezagutzen. Bakoitzak mundu bat sortzen du bere inguruan, hiri bat hiriaren barrunbeetan. Herrixka baten antza gehiago duen hiri bat.

2008/11/05

Neo-?

AEBtako (munduko) lehen koloredun presidentea denon ahotan dagoen egun hauetan, munduko ekonomia maldan behera doa ziztu bizian. Bankuek lur jo dute, multinazionalek eskuak burura daramatzate. Inork ez daki zer gertatuko den.
Honi buelta eman nahian mundu osoko agintariak irtenbidea bilatu asmoz garrantzi handia dutela diruditen bilkurak egiten dihardute. Sarkozy-k neokapitalismo batez hitzegiten digun bitartean AEBtako banku nagusienak estatuaren esku geratzen ari dira. Zer ote hainbestetan errepikatzen duten neokapitalismo hori? Benetan ekonomia eredu berri bat sortu nahi ote dute. Edota agian kapitalismo zaharraren oinarriak berrezarri nahi dituzte inbertsore nagusienen mesedetan?
Erdi mailako gizartea goi mailakoen pare bizitzera ohitzen ari den honetan, bankuek ez dute nahikoa diru mailegu guztiak betetzeko. Ekonomia eredu berria ultramegamultinazionalak kapitalaren jaun eta jabe bilakatzeko amarru bat besterik ez daiteke izan, pobrezia eta aberastasunaren arteko aldea handitzeko baizik ez luke balioko horrela.
Bitartean, eta hauteskundeetara itzuliz, Neosozialismo hitza behin eta berriz entzuten dugu errepublikarren ahotik. Obama aurkariataz ari dira noski, hiritarrengan sozialismo/komunismo beldurra berrindartzeko asmotan. Hau guztia Bush jauna banku nagusiak nazionalizatzen ari den une berean.
Zer ikusi eta entzun behar ote dugu orain? Benetan mundu hau aldaketa bidean da, ala mikrofono aurreko hitz potolo hutsalak dira denak. Batek daki.

2008/11/03

kolore momentuak zuri-beltzeko munduan